Zure pribatutasuna garrantzitsua da guretzat
Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu gure webguneko edukiak baliagarriagoak izateko. ONARTU sakatzen baduzu cookie-n erabilera baimenduko duzu eta EZ ONARTU sakatuz ukatu egingo dituzu. INFORMAZIO GEHIAGO kontsulta dezakezu.
Nor gara
1970eko hamarkadako euskal kultur giro ahulari erantzun nahian abiatu ziren ekimenen ondorioa da gaur egungo elkar Fundazioa.
1968an Joseba Jaka etxez etxe liburuak saltzen hasi zen, handik gutxira anaiak ere harekin hasi ziren eta ikastoletan zeuden material beharrei erantzutea zen haien kezka nagusietakoa; 1972an, Ipar Euskal Herriko 20 lagunek Elkar argitaletxea sortu zuten, eta talde hori beste Hego Euskal Herriko 20 lagunekin osatu zen; 1976an, Bilintx eta Zabaltzen sortuta enpresa taldea abiatu zen.
Irabaziak berriro kulturan berrinbertituz handitu eta sendotu zen enpresa taldea –sorreratik zegoen, beraz, fundazioaren helburu nagusietakoa izan, den berrinbertsioaren ideia–, 1996an hartu zuen egungo izaera juridikoa, fundazioa, ordura arteko patrimonioa bere gain hartu eta berrinbertsio politika ziurtatuta etorkizunerako.
Sortze-gutuna
Elkar Fundazioa sortzean, Sortze-Adierazpen gisa garbi utzi nahi ditugu azalpen honetan zernolakoak diren gure xedeak, borondatea eta lerro nagusiak.
Elkar deituriko Fundazioa euskararen eta euskal kulturaren sorkuntza, sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzeko sortzen da. Kulturgintza guztion eginkizuna dela sinetsiz, herrian eta gizartean diharduten gizon eta emakumeen zein talde eta elkarteen, hitz batean, herritar guztion eginkizun eta erantzukizuntzat jotzen dugu euskal kulturaren geroa, ez bakarrik Erakunde Publikoen ardura.
Fundazioak, bere helburuak betetzeko euskal herritar guztion partaidetza bilatzen du, eta euskara eta euskal kultura sortu, garatu, zabaldu eta indartu egin nahi duten guztien lankidetza bultzatzea du helburu eta egitasmo.
Euskal kultura adierarik zabalenean eta irekienean ulertzen du Fundazioak. Hau da, euskaldungoak historian eta tradizioan, eta bereziki azken hamarkadatan eta gaur bertan etorkizunari buruz landu eta mamitu dituen izanmodu eta erantzunetan aurkitzen dira kultura honen osagai nagusiak. Euskal kultura herentzia bezanbat da eginkizun, iragana bezanbat etorkizun, eskubide bezanbat erantzukizun. Fundazioak, bestalde, geure eta beste kulturen arteko elkar-eragintza onartu eta bultzatuko du, kanpoko eraginak konplexu eta mimetismo gabe onartuz eta izpiritu berdinez geure kultura ere nazioartekoan txertatzen ahaleginduz. Euskal kulturaren normalizazio bideak indartuko ditu Fundazioak, ez dadin bilaka ez kultura marginala eta ez kultura klonikoa.
Fundazioak euskaldunon topagune izan nahi du, alderdikeria, itxikeria eta jarrera baztertzaile guztien gainetik. Euskal kultura modu integratzailean ulertzeak, joera eta indar mota ezberdinak elkarlanean aritzea esan nahi du, esklusibismorik gabe. Gune bateratzaile izateaz gain, herri ekimenaren dinamizatzaile eta bideratzaile izan nahi du Fundazioak.
Fundazioak ez du bere egitekoa bakarlanean soilki ulertzen, baizik eta herritar, talde, elkarte eta abarrekin lankidetzan, eta horregatik ekintza propioak bultzatzeaz gain elkarlanean kultur ekintzatan partehartzeko borondatea du.
Elkar Fundazioak uste du gizarte modernoan eta mundu zabalean kultura sortu, garatu eta zabaltzeko eduki baditugun gizabaliabideei baliabide ekonomikoak jartzea ezinbestekoa dela, kultura eta ekonomia uztartzera jo behar dela bete-betean. Horregatik arreta berezia izango du Fundazioak euskal kulturarentzat azpiegitura eta egitura egokiak garatzeko.
Fundazio bat da enpresa taldearen jabe, ziurtatzeko sortzen diren baliabideak berriro kulturgintzara bideratuko direla.
Enpresa eta ekonomia kulturaren zerbitzura jarrita. elkar Fundazioaren helburua izan da euskara eta euskal kulturaren garapena kultur industriaren egituratzetik bideratzea, eta, horretarako, liburua zein musikaren eremuan joan da eratzen ekoizpena, hedapena eta salmenta biltzen dituen egitura integrala.