Zure pribatutasuna garrantzitsua da guretzat
Cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu gure webguneko edukiak baliagarriagoak izateko. ONARTU sakatzen baduzu cookie-n erabilera baimenduko duzu eta EZ ONARTU sakatuz ukatu egingo dituzu. INFORMAZIO GEHIAGO kontsulta dezakezu.
Historia laburra
1960. hamarkada
1960ko hamarkada amaieran ekin zioten Jaka anaiek etxez etxeko liburu salmentari, haien anaia zen Joseba Jakak abiatutako lanari segida emanez.
Hasiera hasieratik egin zuten elkarlana ikastolekin, haien material beharrak ase nahian. Adibidez, etxez etxeko liburu salmentatik lortutako etekinetatik garaiko 1.500.000 pezeta Gordailuri eman zitzaizkion, ikastolen liburutegia sortzeko.
1970. hamarkada
1970eko hamarkada sorrera eta abiatzeko urtea izan zen taldearentzat.
1972an, Ipar Euskal Herriko hogei ekintzailek ELKAR argitaletxea sortu zuten –Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria–, eta handik dator izena, zeina hasierako akronimoagatik baino hitzak berak duen esanahiagatik baliatu izan den, elkarlanaren ideiagatik.
1976an, Franco hil ondoren, Donostian Hego Euskal Herriko lehen liburu-denda ireki zuten euskal liburuari ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Gertaera horiek daude gaur egun elkar Fundazioa denaren oinarrian.
Urtez-urte: 1970 hamarkada
1960 hamarkada amaieran
Joseba Jaka liburuak saltzen hasi da etxez etxe. Handik gutxira, Goio anaiak lehenik eta Jonek ere bide berari ekingo diote. Garai horretan hasiko dira ikastoletara dagoen materiala zabaltzen eta ekoizteko baliabideka sortzen, Gordailurekin elkarlanean.
1972
Elkar argitaletxea sortu dute euskal kulturaren inguruko zenbait euskaltzalek, 20 guztira, denak Iparraldekoak, euskal liburu eta diskoen ekoizpena eta zabalkundea bultzatzea dute helburu. Euskaltzale horien artean zenbait kantari, idazle eta herritar ezagun dago.
Elkar diskoetxea sortu da Goiztiri argitaldariko liburu eta disko-produkzioa erosita. Horrela gelditu da eratua E.L.K.A.R., hau da, Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria.
1974
40ko sortzaile-bazkide taldea sortu da. Hastapeneko Ipar Euskal Herriko 20 bazkideei Hego Euskal Herriko beste 20 elkartu zaizkie. Euskal Herria bere osoan hartu nahi da.
Zabal ireki da Baionan, liburu-denda eta banaketa-zerbitzu gisa.
1976
Bilintx liburu-denda sortu dute Jaka anaiek, Donostiako Parte Zaharrean. Aurrez, 60ko hamarkadaren azken urtetan Jakatarren eskutik eman dira lehen urratsak banaketan eta zuzeneko salmentan. Benetako hutsunea betetzera dator Bilintx, bai euskal gaietan, bai politika eta ekonomiazkoetan, eta baita ere aldizkari eta ikastoletako materialen zerbitzuan.
Zabaltzen banaketa-zerbitzua martxan jarri da. Behar-beharrezkotzat jo zen euskal produktuak klandestinitate-girotik eta marginalismotik ateratzea, eta Euskal Herri osoko liburu dendetara eta ikastetxeetara liburuak eta diskoak normaltasun osoz zerbitzatzea.
1977
Elkar argitaletxea martxan jarri da Donostian, handik aurrea bi egoitza hartuta, Baionakoa eta Donostiakoa. Izan ere, ikastolaren munduak liburuen premia bizia zuen eta eskaintza aldiz, nahikoa murritza zen, batez ere haurrentzako liburuetan. Kanpotik hornitzen zen irakurlegoari etxetik eman behar zitzaion erantzuna. Haur, gazte eta helduentzako era guztietako liburu eta ipuinak argitaratu dira: ipuin herritarrak, klasiko europarrak eta itzulpenak, komiki bildumak, dibulgaziozkoak, etab. Erdal literaturako haur libururik erakargarri eta atseginenak euskaraz argitaratzeko asmoz koedizio bideari ere ekin dio.
1978
Zabaltzen banatzailea martxan jarri da Bilbon.
Artezi diskoetxearen funtsak hartu dira.
1980. hamarkada
1980ko hamarkadan liburu-denda sarea zabaldu zen Gipuzkoako hainbat herritan eta Iruñea zein Bilbon. 1977an Donostian ere eratu zen argitaletxea, eta hura indartuz joan zen, ikasmaterialgintzako beharrei erantzunez elkarlanean hezkuntzako eragileekin, UZEI, Elhuyar eta Bostak bat elkarteekin batera koedizioak eginez hasieran eta Ikastolekin batera gerora. Grabazio estudioa jarri zen.
Urtez-urte: 1980 hamarkada
1982
Zabaltzen banatzailea martxan jarri da Iruñean.
1983
Elkar diskoetxeak estudio propioak muntatu ditu Lasarten.
Elkar argitaletxeak, irakaskuntzaren premia larriak ikusita, buru belarri heldu dio ikasmaterialgintzari. Ordutik hona, maila guztietarako testuliburuak prestatuz joan da. Asmo hau burutu ahal izateko euskal kultur eta irakaskuntza munduko zenbait erakunderekin elkarlanean jokatu du, UZEI (1980), Elhuyar (1983), GILE –Irakasleen Elkartea– (1983) eta GIE –Gipuzkoako Ikastolen Elkartea– (1989; aurretik banaketa elkarrekin) elkarteekin batez ere.
Herri Gogoa diskoetxearen funtsak hartu dira.
1984
Soinua diskoetxea Taldean hartu da –1987tik aurrera Oihuka izango dena–.
1985
Xalbador liburu-denda sortu da Euskal Herriko hiriburu zaharrean, Iruñean hain zuzen ere.
1986
Etxepare liburu-denda hartu da Bergaran, segida emateko, Etxepare-Bilintx izena emanda.
1988
Ramos liburu-denda hartu eta segida eman zaio Donostian.
1989
Bilintx liburu-denda ireki da Tolosan.
Mayre liburu-denda hartu da Irunen eta Bilintx izena eman zaio. 1996an Bertso-Hop dendarekin bat egin eta handik aurrera Bertso-Hop Bilintx izena hartuko du.
Emankor S.A. sortu da, hamarkada honetan enpresa guztien ondasun higiezinaren jabetza izatea helburu duen enpresa.
1990. hamarkada
1990eko hamarkadan jauzi kualitatiboa egin zen. Liburu-denda sarea zabaltzearekin batera, banaketa komertzializazioa Euskal Herritik kanpora zabaldu zen, Madrilen eta Bartzelonan azpiegiturak eratuta.
1996an, elkar Fundazioa eratu zen taldeak sorreratik duen filosofiari eusteko: euskal kultura sustatu eta irabaziak daudenean haiek berriro euskal kulturan berrinbertitzea. Ttarttalo eta Sua argitaletxeak taldera bildu ziren.
Egunkariaren sorreran parte hartze aktiboa izan zuen elkar Taldeak 1990ean, eta 2003an ere bai Berria sortzerakoan. Martin Ugalde Kultur Parkea eratzeko proiektuari ere orduan ekin zitzaion.
Urtez-urte: 1990 hamarkada
1990
Urretxindorra liburu-denda ireki da Bilbon.
Ttarttalo argitaletxea 1983an sortu bazen ere, elkar Taldean eman zaio segida eta indarberriturik atera da.
Cash formatuko lehen gunea ireki da Bilbon, profesionalei liburuak bertan hartzeko aukera emateko. Ondoren beste hiriburuetara zabalduko da.
1991
Xalem liburu-denda sortu eta martxan jarri da Iruñean.
Eusenor eratu da elkar, UZEI, Elhuyar eta GIEren artean, etxe entziklopediko bat martxan jartzeko askoarekin.
Xoxoa diskoetxearen funtsak hartu dira.
1992
Zabaltzen banatzaileak Igaran egoitza berria ireki du. Taldeko argitaletxea, musika estudioa, banaketa eta zerbitzu nagusiak bertan zentralizatuta.
Herriak Liburu-dendaren jarraipena hartu da Bilbon, aurreko jabeek erretiroa hartu baitute.
1994
Bilintx megadenda bihurtuta, hiriburuetako liburu-dendak megandenda bihurtzeko prozesuari ekin zaio.
Banaketa enpresak zabaltzear ekin zaio bazkide batzuekin. Bartzelona, Madril eta Valentzian eratuko dira. Sare komertzialaren zabalkunde horren helburua Euskal Herrian eta kanpoan zerbitzu integrala hobeagoa eskaintzea da, erosketa-gune gisa indar handiagoz jokatzea bilatuz alde batetik, eta bestetik, hemengo produktuei kanpoan zabalkundea emanez.
1995
Arriaga Informatika-Ofimatika denda ireki da Gasteizen.
Sua argitaletxea 1988an sortutakoa, elkar Taldean sartu da.
1996
Joseba Jaka, elkar Taldeko enpresen sortzaile eta lankidea zendu da, istripu baten ondorioz.
Doinua musika banatzaileak bertatik eskaini ditu bere zerbitzuak.
Elkar Fundazioa eratu da –Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa du izena hasieran–. Hamarkada honetako, eta 25 urteotako historia osoko urratsik garrantzitsuena, Elkar Fundazioarena da, agian. Fundazioak ez ditu gure ondasunetako batzuk bakarrik bildu eta kulturara isurtzen. Askoz gehiago egiteko jaio da Fundazioa. Fundazio honek enpresen ondasun guztiak bere baitan bilduz gure kulturgintzaren helburuak eta bideak markatuko ditu. Horrela, sortzaile eta fundatzaileen jatorrizko filosofia eta jokamoldea behin betirako babestuta eta bermatuta geratu da.
Mari Jose Irizar da fundazioko lehen lehendakaria
Joseba Jaka bekak sortu dira, literatura sorkuntza laguntzeko asmoz.
1997
Uholdeak izan dira Donostian eta kalte handiak eragin dituzte egoitza nagusian.
Jean-Louis Maitia elkarkidea eta elkar Taldeko lankidea zendu da.
Buruntzape sortu du Elkar Fundazioak Egunkaria eta Gráficas Lizarrarekin batera. Euskal kulturaren bilgune izan nahi duen Martin Ugalde Kultur Parkea eraikitzea dute helburu.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren sorreran parte hartu du Elkar Fundazioak Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera eta Zuzendaritza Nagusiko kide da.
1998
elkar.com –gaur egungo elkar.eus– jarri da martxan.
1999
Mattin liburu-denda berria ireki da Baionan.
Arriaga paperdenda eta megadenda sortu dira Gasteizen.
ACL (Madril), MCL, BCN Books (Bartzelona) eta Eurollibres (Valentzia) martxan jarri dira azken aldi honetan. Sare komertzialaren inplantazio honen helburua Euskal Herrian eta kanpoan zerbitzu integrala hobeagoa eskaintzea da, erosketa-gune gisa indar handiagoz jokatzea bilatuz alde batetik, eta bestetik, hemengo produktuei kanpoan zabalkundea emanez.
2000. hamarkada
2000ko hamarkadan taldea sendotuz joan zen. Liburu-denda eta banaketa sareak zabaldu eta enpresa- eta kultur-ekimen berrietan hartzen du parte: Ikaselkar, Hamaika, Irrien Lagunak… Txertoa argitaletxea taldera bildu zen.
Urtez-urte: 2000 hamarkada
2000
Elkarlanean argitaletxea eta banaketa abian jarri dira Baionan.
Arriaga Campus liburudenda ireki da, Euskal herriko Unibertsitatean, Gasteizen.
Plazagunea enpresa abian jarri du elkar Fundazioak Egunkariarekin batera, zerbitzu informatikoak eskaintzea dute helburu.
Euskal Gaiak Abarka enpresa sortu da eskaintza bereziak eta azokak antolatzeko.
2001
Fundazioa osatzen duten enpresa-taldearen irudi korporatiboa berritzeari ekin zaio.
Garzon epaileak, udaberrian zabaltzenen aurkako operazioa zabaldu du eta udazken aldera diligentziak itxi ditu.
Boza Ediziogunea sortu da Euskal Herrian sortzaileen egile eskubideak defendatzeko eta kudeatzeko.
2002
Martin Ugalde Kultur Parkearen obrak amaitu eta inauguratu egin da.
Leitzaran Grafikak sortu du Elkar Fundazioak Graficas Lizarrarekin batera, bere jarduera nagusia liburu, aldizkari, publizitate liburuxken diseinua, inprimaketa eta enkuadernaketa izanik.
2003
Otsailaren 20an, Fundazioko patronatukidea den Joan Mari Torrealdai, beste euskaltzaleekin batera atxilotu dute Egunkariaren inguruan Del Olmo epaileak zabaldutako operazioaren ondoren.
Urriaren 16an, elkar-eko Mikel Arrizabalaga, Xabier Legarra eta Joxemari Sors beste 5 kideekin batera, atxilotu dituzte Juan del Olmo epailearen aginduz.
Bidegabekeria izugarria egin zitzaion, Egunkaria-ri eta euskal kulturgintzari. Denborak erakutsi zuen Euskal herrian lehen egunetik ikusi zena, hark ez zuela zentzurik. 2010ean, Espainiako Epaitegi Nazionalean egindako epaian absolbitu egin zituzten epaitutako guztiak. 2014an, auzi ekonomikoa itxi zuen Donostiako Probintzia Epaitegiak, epaiketa bera ere egin aurretik. Zoritxarrez, kaltea eginda zegoen.
2005
Irudi korporatiboaren aldaketa egin da eta “elkar” izena hartu dute bai Fundazioak, bai banaketa zerbitzuek, bai Euskal Herriko liburu-denda guztiek.
elkar Zazpikale liburu-denda berria ireki da Bilbon.
2006
elkar Arrasaten liburu-denda berria ireki da.
Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea enpresaren sorreran parte hartu du Elkar Fundazioak beste zenbait enpresekin batera (Euskaltel, Berria, Gara, Noticias-Deia eta Bainet-Asegarce) eta helburu argi batekin: Euskarazko Telebista berri baterako oinarriak jartzea.
2007
elkar Fermin Calbeton liburu-dendak (Bilintx zenak) 30 urte bete eta erabat berritu da eta bertan kultur ekitaldiak antolatzeko aretoa zabaldu da.
elkar Bidaia eta Hizkuntzak liburu-denda bihurtu da Bilintx zaharra zegoen lokalean.
2008
elkar Hernani liburu-denda berria ireki da, Lete liburu-denda zenaren segida hartuz.
elkar Licenciado Poza liburu-denda berria ireki da Herriak liburu-denda zaharra itxi eta gero.
Areto berriak ireki dira Baiona, Comedias eta Licenciado Pozan. Bertan kultur ekitaldiak antolatzea dute helburu.
Nora euskarazko lehenengo bidaia aldizkaria sortu du Elkar Fundazioak Berria egunkariarekin batera.
Euskal Unibertsitatearen Aldeko Universitas Vasconum Fundazioa sortu du Elkar Fundazioak hainbat eragilerekin batera (EHI, UEU, Berria, Naziogunea K.E., Kontseilua, Euskaraz Koop. E., Ipar-Hegoa Fundazioa).
2009
Txertoa argitaletxea elkar Fundazioan sartu da.
Bidasoa inpresio zentroa sortzeko elkar Fundazioa, Berria, Gara, Printek, Bulkograf eta Leitzaran Grafikak elkartu dira.
2010. hamarkada
2010eko hamarkadan taldeak sendotze prozesuarekin jarraitu zuen eta enpresen berregituraketa egin zuen, enpresak bateratuta. Euskal Herritik kanpo, banaketa egiturak sendotu zituen.
Urtez-urte: 2010 hamarkada
2010
Irrien Lagunak Kluba sortu du elkar Fundazioak Katxiporreta kooperatibarekin eta Berria egunkariarekin elkarlanean.
www.gurebook.com liburu elektronikoen on line denda martxan jarri da beste euskal argitaletxe batzuekin batera.
www.elkar.com web gunea erabat berritu eta martxan jarri da.
Liburu-denda laguna martxan jarri da Lazkaon Gerrikoekin eta Zarautzen Garoarekin batera.
2011
Ikaselkar argitaletxea sortu dute Elkar Fundazioak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak. Azken 20 urteetako elkarlanaren ondoren, material kurrikularrak bideratu, landu eta gizarteratzea izango du helburu.
elkar Getxo liburu-denda berria ireki da.
Boza ediziogunea Elkar argitaletxean txertatu da.
Joan Mari Torrealdai izendatu dute elkar Fundazioko lehendakari.
2012
Egunea izena hartu du ordura arteko Plazagunea zenak.
2013
Taldeko egitura berritu eta organigrama berria finkatu da. Erakundea kudeatuko duen zuzendaritza berria izendatu da. Fundazioko patronatua berritu da eta Batzorde Eragilea izendatu da.
elkar dendetan produktuen dibertsifikazioa martxan jartzen da.
2014
Martin Ugalde Ikerketa Beka abian jarri da. Jakin Fundazioa, Berria Fundazioa, Elkar Fundazioa eta Martin Ugalde Kultur Parkearen arteko egitasmoa da, Andoaingo Udalaren laguntzarekin.
Donostiako biltegi nagusian lanen automatizaziorako teknologi berriak ezarri dira.
ACL eta MCL enpresa konpartituak, % 100ra elkar Fundaziora pasatzen dira.
Joxemari Sors izendatu dute elkar Fundazioko lehendakari.
2015
JA Morcillo Distribución eta Morcimur liburu banaketa enpresen jarduna bere gain hartu du Taldeko Eurollibres – Antiga Casa del Llibre SL enpresak.
IZ diskoetxearen funtsak hartu dira.
2016
elkar Sariak sortu dira, Ibilbideari elkar Saria eta Proiektuari elkar Saria. Eta Joseba Jaka beka berriro jarri da martxan, kultur sormenera bideratuta.
2017
Siadecoren eskutik, “elkar taldea eta Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohituren merkatu ikerketa” egin da.
Bateratu SL enpresa sortu eta taldeko enpresen berregituraketa enpresariala abiatu da.
Valentziako Dispe (distribuciones pedagogicas) enpresa erosi da.
Amilibro proiektua abiatu da, Espainiako estatuan liburu-denda lagunen sarea eratzeko.
Bai Euskarari saria Joxemari Sors eta Jon Jakari eman zaie.
2018
Bitarte banaketa enpresa erosi eta elkar Banaketan txertatu da.
2019
Centro Andaluz del Libro Andaluziako Sevillan dagoen banaketa enpresa elkar taldeak erosi du.
Urteko zerbitzu enpresa saria eman dio elkar Taldeari Gipuzkoako Bazkundeak.
2020. hamarkada
2020ko hamarkada hasieran taldeak egoitza nagusiak Adunan kokatu du, Euskal Herria eta Espainiako estaturako banaketa zerbitzu osoa bertatik bideratzeko asmotan.
Urtez-urte: 2020 hamarkada
2020
Unipapel eraikuntza (Aduna –Gipuzkoa–) erosi du elkar taldeak.
Lur eta Amets pelikula estreinatu da zinema aretoetan eta serie telebistan (Ikastolen Elkartea, Katxiporreta kooperatiba elkartea eta lotura filmsekin batera ekoiztu da).
Boixareu Ginesta urteko saria eman dio elkar liburu-denda sareari.
Joan Mari Torrealdai elkar Fundazioko patronatuko kidea zendu da.
2021
Egoitza nagusia Adunan kokatu dute elkar Fundazioak eta elkar Taldeak
Palenzuela Barakaldoko liburu-denda hartu da eta segida eman zaio, elkar Barakaldo izenarekin.